2009/01/29

Urruntze agindua ezarri diote 30 urtez emaztea eta alabak jotzea egotzi dioten gizonari

Emakumeen aurkako indarkeriak kronika beltza idatzi zuen iragan asteburuan, beste behin ere. Bizkaian eta Araban, zazpi pertsona atxilotu zituzten larunbatean, herenegun eta atzo, genero indarkeria edota sexu eraso delituak egitea egotzita. Gasteizen, 54 urteko gizonezko bat atxilotu dute udaltzainek; 30 urtean emazteari eta bi alabei tratu txar psikikoak eta fisikoak ematea leporatzen diote.

Hiru emakumeek Poliziarengana jo zuten larunbatean, senar eta aitaren aurkako salaketa jartzera. Etxera itzuli ziren, eta, handik gutxira, Udaltzaingoak haien deia jaso zuen, gizona emazteari zein alabei eraso egiten saiatzen ari zelako. Udaltzainek gizona atxilotu zuten.

Biktimek ustezko tratu txarrak 30 urtez luzatu direla salatu arren, eta salaketa jarri ostean ere atxilotua emazteari eta alabei erasotzen saiatu arren, aske geratu zen gizona, epailearen aurrean deklaratu ostean. Urruntze agindua ezarri diote ustezko erasotzaileari, eta babes neurriak hiru emakumeei. Feministek sarritan salatu izan dituzte horrelako erabakiak, emakumeak babes gabe uzten dituztelakoan.

Getxon (Bizkaia), bestalde, senar-emazte batzuk atxilotu zituen Ertzaintzak herenegun, emakume bat bortxatzea leporatuta. Atxilotutako gizonak 34 urte ditu, eta emakumeak 31. Haien etxeko logela bat alokatuta zeukaten erasoa jaso zuen emakumeak eta bere senarrak.

Ustez, etxean bertan egin zioten sexu erasoa emakumeari, larunbat gauean, haren senarra kanpoan zela aprobetxatuta. Ustezko erasotzaileak eta biktima gela berean zeuden, eta biktima komunera zihoanean eraso zion bikoteak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, emazteak biktimari indarrez heldu zion, eta senarrak bortxatu egin zuen bitartean.

Erasoaren ondoren, Guardia Zibilak Getxon duen kuartelera joan zen biktima salaketa jartzera, senarrak lagunduta; Guardia Zibilak Ertzaintzari eman zion kasua ikertzeko ardura. Igande goizean, ustez bortxaketa gertatutako etxera joan ziren ertzainak, eta senar-emazteak atxilotu zituzten, sexu erasoaren delitua egotzita.

Bilboko Udaltzaingoak, berriz, 35 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, goizaldeko ordu batak aldera, 45 urteko bikotekideari eraso egiteagatik eta haren ilobari mehatxu egiteagatik. Emakumeak deitu zien udaltzainei; hark salatutakoaren arabera, gizona drogaren bat hartuta zegoen. Botikara joateko eskatu zion, lorik ez egiteko pilulak erostera. Andreak ezetz erantzun zion, eta gizona haserretu egin zen: irainka hasi zitzaion emakumeari, eta kolpeak eman zizkion gorputz osoan. Halaber, andrearen ilobari eraso egiteko mehatxua egin zion; adimen urritasuna du ilobak.

Emakumeak etxetik alde egitea lortu zuen, eta udaltzainei deitu zien. Gizona atxilotu zuten unean, hogei zentimetroko aiztoa zeraman soinean. Iloba onik aurkitu zuten udaltzainek.

Hiru atxilotu igandean

Horrez gain, Bizkaian beste hiru gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak herenegun, genero indarkeria delitu bana egin zutelakoan. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, herenegun arratsaldean 55 urteko gizon bat atzeman zuten Gernikan, bikotekidea jotzeagatik, etxean.

Gauean, bi atxiloketa egin zituzten, bide publikoan gertaturiko bi erasoren ondoren. Lehenengo, 44 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon, Indautxuko metro geltokian bikotekideari eraso egin ostean. Handik gutxira, 26 urteko gizon bat atzeman zuten Lekeition, bere bikotekideari kalean eraso egiteagatik.

http://berria.info/paperekoa/harian/2009-01-27/015/007/Urruntze_agindua_ezarri_diote_30_urtez_emaztea_eta_alabak_jotzea_egotzi_dioten_gizonari._Etxeko_gela_alokatu_dioten_emakume_bat_bortxatzea_egotzita_senar-emazteak_atxilotu_dituzte_Getxon.htm

Bost urteko espetxe zigorra ezarri diote gizonezko bati, Gipuzkoako herri batean emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. 2007ko urtarrilaren batean gertatu zen. Gizonak eraikin baten barruan atzeman zuen biktima: lepotik heldu zion, eta sexu erasoa egin zion, nahiz eta ez zuen bortxatzerik lortu. Fiskaltzaren eta akusatuaren artean adostu dute zigorra.

Bestalde, Berangon (Bizkaia) urtarrilaren 17ko goizaldean gertatutako bortxaketa salatzeko elkarretaratzea antolatu du bertako ezker abertzaleak. Halaber, Udalaren jarrera salatu dute, ez baitu erasoa gaitzetsi. Gaur izango da kontzentrazioa, 13:00etan, herriko Sabino Arana kalean, Sexu erasorik ez! Emakumeen kontrako indarkeria ez dugu onartzen! lelopean. Erasoaren egilea, 27 urteko gizonezkoa, Basauriko espetxean dago.

2009/01/23

1.142 gizon atxilotu zituen Ertzaintzak iaz, bikotekideari erasotzeagatik

Tratu txarrak emateagatik atxilotutako gizonen kopuruak %20 egin zuen gora iaz, 2007aren aldean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1.142 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak bikotekideari ustez tratu txarra eman ziotelakoan. 2007an baino 196 gehiago. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2008ko balantzean. Tratu txarrak emateagatik eta epaileek ezarritako urruntze aginduak hausteagatik atxilotutakoak batu ditu Herrizaingo Sailak txostenean.

Zenbaki guztiek jarraitzen dute goraka emakumeen aurkako indarkerian: hildako emakumeenak, atxilotutako gizonezkoenak, salaketa kopuruarenak... 2008an sei emakume hil zituzten Euskal Herrian, aurreko urteetan baino gehiago -2006an, bost hil zituzten; 2007an, lau-. Hego Euskal Herrian genero indarkeriagatik emakumeek jarritako salaketek ere gora egin dute. Azarora arte, 3.889 salaketa aurkeztu zituzten, 2007an baino 258 gehiago.

Mila emakume baino gehiago zauritu zituzten 2008an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ustez bikotekideek. Osakidetzak 2008an protokolo berria jarri zuen martxan, medikuek tratu txarren zantzu izan daitezkeen zauriak eta era horretakoak historia klinikoan adierazteko.

Gaur egun, hamabost emakumek dute bizkartzaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bikotekide ohien erasoetatik babesteko. 2004tik, zerbitzu hori eskaintzen hasi zirenetik, gora egin du poliziek babestutako emakume kopuruak: 2004an, lau ziren; 2005ean, 11; 2006an, hamasei, eta 2007an, hamahiru. Herrizaingo Sailaren esanetan, «arrisku egoeren arabera» egiten du gora edo behera bizkartzaina duten emakumeen kopuruak. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak segurtasun pribaturako duen diru sailetik ordaintzen dira gastu horiek. Diru sail hori handitu daiteke, unean uneko beharrizanei erantzuteko.

Kasu batzuetan, ordea, adituek ez dute beharrezkotzat jotzen emakumeari bizkartzaina jartzea, eta bestelako segurtasun neurriak hartzen dituzte: ustezko erasotzailea zaintzea, emakumearen sakelako telefonoa Poliziaren egoitzarekin konektatzea... Gaur egun, berrehun baino gehiago dira euren sakelako telefonoa Poliziaren egoitzari konektatuta daukaten emakumeak.

Emakumeak izan dezakeen arriskuaren arabera jartzen du bizkartzaina Herrizaingo Sailak. Horretarako, harremanetan egoten dira emakumeen aurkako indarkeria jarraitzen duten erakundeekin eta agintari judizialekin. Ikerketetan, kasu arriskutsutzat jotzen dutena aztertzen dute erakunde horiek, eta horren araberako babes neurriak ezartzen dizkiete emakumeei. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako protokoloari jarraitzen diote ertzain etxeetan, eta haren helburua biktimari arreta eta informazioa era egokian ematea da.

Emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako ertzainak prestatzen ari dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko 1.000 ertzainek baino gehiagok egin dute ikastaroa genero indarkeriaren inguruan. Kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertzen eta tratu txarrak jasaten dituen emakumeari egokien irizten dioten babes neurriak jartzen parte hartzen dute polizia horiek.

Ertzainen tratuarekin gustura

Herrizaingo Sailak kaleratu ditu, halaber, tratu txarrengatik ertzain etxeetan iaz artatu zituzten emakumeen artean egindako inkestaren emaitzak. Kasua atzematen denetik hura amaitu arteko prozesu osoa ebaluatzeko eskatzen zaie emakumeei. 0-10 arteko eskalan, 9,4ko puntuazioa eman diote Ertzaintzari tratu txarrak jasan dituzten emakumeek


.http://berria.info/paperekoa/harian/2009-01-17/014/007/1.142_gizon_atxilotu_zituen_Ertzaintzak_iaz_bikotekideari_erasotzeagatik._2007an_baino_196_gizon_gehiago_dira_2008an_ustez_tratu_txarrengatik_Araban_Bizkaian_eta_Gipuzkoan_atxilotuak.htm

2008/12/18

Odeo




faceinhole tutoriala

Hona hemen, Alaznek eta biok eginiko faceinholen tutoriala, espero dugu baliagarri izatea.