2009/01/29

Urruntze agindua ezarri diote 30 urtez emaztea eta alabak jotzea egotzi dioten gizonari

Emakumeen aurkako indarkeriak kronika beltza idatzi zuen iragan asteburuan, beste behin ere. Bizkaian eta Araban, zazpi pertsona atxilotu zituzten larunbatean, herenegun eta atzo, genero indarkeria edota sexu eraso delituak egitea egotzita. Gasteizen, 54 urteko gizonezko bat atxilotu dute udaltzainek; 30 urtean emazteari eta bi alabei tratu txar psikikoak eta fisikoak ematea leporatzen diote.

Hiru emakumeek Poliziarengana jo zuten larunbatean, senar eta aitaren aurkako salaketa jartzera. Etxera itzuli ziren, eta, handik gutxira, Udaltzaingoak haien deia jaso zuen, gizona emazteari zein alabei eraso egiten saiatzen ari zelako. Udaltzainek gizona atxilotu zuten.

Biktimek ustezko tratu txarrak 30 urtez luzatu direla salatu arren, eta salaketa jarri ostean ere atxilotua emazteari eta alabei erasotzen saiatu arren, aske geratu zen gizona, epailearen aurrean deklaratu ostean. Urruntze agindua ezarri diote ustezko erasotzaileari, eta babes neurriak hiru emakumeei. Feministek sarritan salatu izan dituzte horrelako erabakiak, emakumeak babes gabe uzten dituztelakoan.

Getxon (Bizkaia), bestalde, senar-emazte batzuk atxilotu zituen Ertzaintzak herenegun, emakume bat bortxatzea leporatuta. Atxilotutako gizonak 34 urte ditu, eta emakumeak 31. Haien etxeko logela bat alokatuta zeukaten erasoa jaso zuen emakumeak eta bere senarrak.

Ustez, etxean bertan egin zioten sexu erasoa emakumeari, larunbat gauean, haren senarra kanpoan zela aprobetxatuta. Ustezko erasotzaileak eta biktima gela berean zeuden, eta biktima komunera zihoanean eraso zion bikoteak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, emazteak biktimari indarrez heldu zion, eta senarrak bortxatu egin zuen bitartean.

Erasoaren ondoren, Guardia Zibilak Getxon duen kuartelera joan zen biktima salaketa jartzera, senarrak lagunduta; Guardia Zibilak Ertzaintzari eman zion kasua ikertzeko ardura. Igande goizean, ustez bortxaketa gertatutako etxera joan ziren ertzainak, eta senar-emazteak atxilotu zituzten, sexu erasoaren delitua egotzita.

Bilboko Udaltzaingoak, berriz, 35 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, goizaldeko ordu batak aldera, 45 urteko bikotekideari eraso egiteagatik eta haren ilobari mehatxu egiteagatik. Emakumeak deitu zien udaltzainei; hark salatutakoaren arabera, gizona drogaren bat hartuta zegoen. Botikara joateko eskatu zion, lorik ez egiteko pilulak erostera. Andreak ezetz erantzun zion, eta gizona haserretu egin zen: irainka hasi zitzaion emakumeari, eta kolpeak eman zizkion gorputz osoan. Halaber, andrearen ilobari eraso egiteko mehatxua egin zion; adimen urritasuna du ilobak.

Emakumeak etxetik alde egitea lortu zuen, eta udaltzainei deitu zien. Gizona atxilotu zuten unean, hogei zentimetroko aiztoa zeraman soinean. Iloba onik aurkitu zuten udaltzainek.

Hiru atxilotu igandean

Horrez gain, Bizkaian beste hiru gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak herenegun, genero indarkeria delitu bana egin zutelakoan. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, herenegun arratsaldean 55 urteko gizon bat atzeman zuten Gernikan, bikotekidea jotzeagatik, etxean.

Gauean, bi atxiloketa egin zituzten, bide publikoan gertaturiko bi erasoren ondoren. Lehenengo, 44 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon, Indautxuko metro geltokian bikotekideari eraso egin ostean. Handik gutxira, 26 urteko gizon bat atzeman zuten Lekeition, bere bikotekideari kalean eraso egiteagatik.

http://berria.info/paperekoa/harian/2009-01-27/015/007/Urruntze_agindua_ezarri_diote_30_urtez_emaztea_eta_alabak_jotzea_egotzi_dioten_gizonari._Etxeko_gela_alokatu_dioten_emakume_bat_bortxatzea_egotzita_senar-emazteak_atxilotu_dituzte_Getxon.htm

No hay comentarios: