2009/01/23

1.142 gizon atxilotu zituen Ertzaintzak iaz, bikotekideari erasotzeagatik

Tratu txarrak emateagatik atxilotutako gizonen kopuruak %20 egin zuen gora iaz, 2007aren aldean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1.142 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak bikotekideari ustez tratu txarra eman ziotelakoan. 2007an baino 196 gehiago. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2008ko balantzean. Tratu txarrak emateagatik eta epaileek ezarritako urruntze aginduak hausteagatik atxilotutakoak batu ditu Herrizaingo Sailak txostenean.

Zenbaki guztiek jarraitzen dute goraka emakumeen aurkako indarkerian: hildako emakumeenak, atxilotutako gizonezkoenak, salaketa kopuruarenak... 2008an sei emakume hil zituzten Euskal Herrian, aurreko urteetan baino gehiago -2006an, bost hil zituzten; 2007an, lau-. Hego Euskal Herrian genero indarkeriagatik emakumeek jarritako salaketek ere gora egin dute. Azarora arte, 3.889 salaketa aurkeztu zituzten, 2007an baino 258 gehiago.

Mila emakume baino gehiago zauritu zituzten 2008an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ustez bikotekideek. Osakidetzak 2008an protokolo berria jarri zuen martxan, medikuek tratu txarren zantzu izan daitezkeen zauriak eta era horretakoak historia klinikoan adierazteko.

Gaur egun, hamabost emakumek dute bizkartzaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bikotekide ohien erasoetatik babesteko. 2004tik, zerbitzu hori eskaintzen hasi zirenetik, gora egin du poliziek babestutako emakume kopuruak: 2004an, lau ziren; 2005ean, 11; 2006an, hamasei, eta 2007an, hamahiru. Herrizaingo Sailaren esanetan, «arrisku egoeren arabera» egiten du gora edo behera bizkartzaina duten emakumeen kopuruak. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak segurtasun pribaturako duen diru sailetik ordaintzen dira gastu horiek. Diru sail hori handitu daiteke, unean uneko beharrizanei erantzuteko.

Kasu batzuetan, ordea, adituek ez dute beharrezkotzat jotzen emakumeari bizkartzaina jartzea, eta bestelako segurtasun neurriak hartzen dituzte: ustezko erasotzailea zaintzea, emakumearen sakelako telefonoa Poliziaren egoitzarekin konektatzea... Gaur egun, berrehun baino gehiago dira euren sakelako telefonoa Poliziaren egoitzari konektatuta daukaten emakumeak.

Emakumeak izan dezakeen arriskuaren arabera jartzen du bizkartzaina Herrizaingo Sailak. Horretarako, harremanetan egoten dira emakumeen aurkako indarkeria jarraitzen duten erakundeekin eta agintari judizialekin. Ikerketetan, kasu arriskutsutzat jotzen dutena aztertzen dute erakunde horiek, eta horren araberako babes neurriak ezartzen dizkiete emakumeei. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako protokoloari jarraitzen diote ertzain etxeetan, eta haren helburua biktimari arreta eta informazioa era egokian ematea da.

Emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako ertzainak prestatzen ari dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko 1.000 ertzainek baino gehiagok egin dute ikastaroa genero indarkeriaren inguruan. Kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertzen eta tratu txarrak jasaten dituen emakumeari egokien irizten dioten babes neurriak jartzen parte hartzen dute polizia horiek.

Ertzainen tratuarekin gustura

Herrizaingo Sailak kaleratu ditu, halaber, tratu txarrengatik ertzain etxeetan iaz artatu zituzten emakumeen artean egindako inkestaren emaitzak. Kasua atzematen denetik hura amaitu arteko prozesu osoa ebaluatzeko eskatzen zaie emakumeei. 0-10 arteko eskalan, 9,4ko puntuazioa eman diote Ertzaintzari tratu txarrak jasan dituzten emakumeek


.http://berria.info/paperekoa/harian/2009-01-17/014/007/1.142_gizon_atxilotu_zituen_Ertzaintzak_iaz_bikotekideari_erasotzeagatik._2007an_baino_196_gizon_gehiago_dira_2008an_ustez_tratu_txarrengatik_Araban_Bizkaian_eta_Gipuzkoan_atxilotuak.htm

No hay comentarios: